Fagor Industrialen laborategiak Europar Batasunaren baimena du gas-aparatuak homologatu eta ziurtatzeko

2013.05.28

Oñati, Gipuzkoa, 2013ko maiatzak 28-. Ostalaritza, talde handientzako sukaldaritza eta garbitegien sektorean aitzindaria den Fagor Industrial enpresa espainiarrak Certigaz ziurtagiria jaso du eta, beraz, enpresaren laborategiak kalitate-zigilu europarra izango du bere produktuak homologatzeko.

Fagor Industrialen ziurtapen- eta homologazio-laborategia Oñatin dago, I+G sailean integratutako departamendua da eta 150 metro koadro ditu. Saiakuntzarako arau eta metodoak etengabe eguneratzeaz arduratzen da aipatu saila eta produktuak merkaturatu ahal izateko behar diren ziurtapen-prozesuak kudeatzen ditu.

Laborategiak harreman sarria du zenbait instituziorekin eta horien artean Certigaz da garrantzitsuenetarikoa, alegia, Europar Batasunak baimendutako eta gas-aparatuak ziurtatzen dituen erakundea. Europan, gas-aparatuen ziurtapen-saiakuntzak gauza daitezke, batetik, Certigazek izendatutako laborategi independenteen bidez (sei daude mundu osoan) eta, bestetik, fabrikatzaileak bere kasa, baldin eta aipatu erakundeak laborategia legez baimentzen badu. Hain zuzen ere, hori da Fagor Industrialek berriki jaso duen baimena, hots, 2011ko abenduan prozesua hasi zenetik urte eta erdi igaro eta kudeaketa-sistemari, kontrol-ekipamenduari eta instalazioei dagokionez hiru auditoretza egin ondoren eskuratutako zigilua.

 

Baimena lau urtez egongo da indarrean eta bi urte barru auditoretza egingo zaio. Baimendutako laborategiak hainbat ezaugarri betetzen ditu, hala nola, lanaren inpartzialtasuna, independentzia eta osotasuna, bai eta ondoko alderditan gaitutako eta prestatutako langileak edukitzeko nahitaezkotasuna ere: ezagutza teknikoak, saiakuntza-metodo normalizatuak, erregistro-sistemak, lagin eta kontrol-elementuen identifikazioa eta instalazio espezifikoak. Fagor Industrialek bere laborategien kudeaketa ere hartzen du bere gain 1991. urtetik aurrera ziurtatutako ISO9001:2008 kudeaketa-sistema propioaren bidez eta erakunde ziurtagiri-emaileak asko balioetsi du faktore osagarri hori.

 

"Ziurtapenak mugarri oso garrantzitsua jarri du Fagor Industrialen, gure instalazioen kalitatea zehaztu eta ziurtapen- nahiz homologazio-proba guztiak etxean egingo direla bermatzen baitu. Baimenari esker, gas-aparatuen saiakuntzak nabarmen erraztuko dira eta gure bezeroen beharrak asetzeko modu eraginkorragoan jardun ahalko gara", baieztatu du Eugenio Urcelayk, Fagor Industrialen ziurtapen- eta homologazio-laborategiko arduradunak.