Ipar Amerikan dagoenetik 10 urte bete direla ospatzeko, NAFEM azokan parte hartu du Fagor Industrialek

2013.02.04

Oñati, Gipuzkoa, 2013ko otsailak 4-. Ostalaritza, talde handientzako sukaldaritza eta garbitegien sektorean aitzindaria den Fagor Industrial enpresa espainiarrak 10 urteko ibilbidea egin du Ipar Amerikan. Horrekin batera, Orlandoko (Florida) NAFEM azokan parte hartu du, aipatu sektoreak Estatu Batuetan egiten duen nazioarteko gertaerarik garrantzitsu eta entzutetsuenean hain zuzen ere.

Elkarren segidako bosgarren aldiz, Fagor Industrialek Estatu Batuetan duen ordezkaritza, Fagor Commercial, NAFEMen egongo da otsailaren 7tik 9ra. Azoka horri esker, tenperatura jaitsarazteko gailuen eta Combi Ovens labeen ADVANCE linea berria aurkeztuko da merkatu iparramerikarraren aurrean. Izan ere, produktuok 2013ko katalogoan jasoko dira eta, hala, eskaintza zabaldu ez ezik, berrikuntzaren eta dibertsifikazioaren aldeko filosofiarekin ere jarraituko da. Gainera, 140 m2-ko stand batean, Fagor Commercialek VIP gune erreserbatua izango du mundu osoko kontsultore eta banatzaileentzat. Bertan "Fagor Cooking Experience" esperientzia gauzatuko da, hau da, zuzeneko sukaldaritza-erakustaldiak korporazioko chef Oier Biritxinagaren eskutik eta bertaratutakoek sukaldaritza berria dastatzeko aukera izango dute ohiko formatuan, alegia, pintxo moduan.

Aurten bereziki adierazgarria da Fagor Industrialen parte-hartzea NAFEM azokan, Ipar Amerikan dagoenetik hamar urte bete dira-eta. Estatu Batuetan sartu zenetik, Fagor Commercialek bere indarrak batu ditu produktu-lerro espezifikoak sortzen, eskarmentu handiko merkatu profesional baten beharrak asetze aldera, eta baxeraren garbiketan nahiz hozketan finkatutako hornitzaile gisa aurkezten da gaur egun. Era berean, bere garbigailu-eskaintzak harrera bikaina izan du lurralde horretan, autorzerbitzuaren sektoreari oso ondo egokitu baitzaio.

Elikagaiak prestatu, egosi eta biltegiratzeko produktuen fabrikazioan eta banaketan jarduten diren 550 profesional baino gehiagok osatzen dute NAFEM (The North American Association of Food Equipment Manufacturers) elkarte iparramerikarra. 60 urte baino gehiagoko bere historian, NAFEM erakundea munduko aitzindari gisa sendotu da industriaren baitan eta izen berbera hartzen duen azoka nazioarteko gertakari nabarmenena eta ospetsuena da dagokion kategorian. Bi urtean behingo feria horrek ostalaritzako ekipamenduen hornitzaile-eskaintzarik zabalena biltzen du eta 500 erakusle baino gehiagok sektorearen azken tendentziak eta aurrerapenak erakusten dituzte 70.000 m2-tan.

"Aurten NAFEMen parte hartzea bereziki gozoa izan da, 10 urteko ahaleginen eta lan gogorraren ondoren bidea ireki dugulako enpresa estatubatuarrek monopolizatuta duten merkatu profesional eta helduan", nabarmendu du Fagor Industrialeko Aitor Zaloñak. "Ostalaritza eta sukaldaritzaren sektorearentzako soluzio integralak hornitzen dituen enpresa aitzindaria izaki, gure estrategia komertzialean derrigorrezko hitzordu eta giltzarri bihurtu da NAFEM, merkatu berrietan hedatzeko sarbidea baita".